XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

II. Euskara

1.- SARRERA

Hizkuntza dugu ikasgai arlo honetan. Hau da, beraz, ezer baino lehen, definitu beharko duguna: zer da hizkuntza? Erantzun posible guztietatik, hau da gure lana bideratu duena: Hizkuntza, norberak besteekiko harremanetan eraikitzen duen ezaguera da. Hizkuntzaren lorpena, hizkuntzaren jabe direnen kolaborazioaren bidez egiten da: komunikazioan.

Nola ikasten da hizkuntza? Hiru oinarrizko faktoreengatik ikasten da hizkuntza bat: 1) Sanchez Carrión, J.M. Txepetx: Un futuro para nuestro pasado. Autorearen argitalpena, 1991.

Motibazioa: Hizkuntza bat ikasi edo eta erabiltzera bultzatzen duten arrazoi, nahi eta interesak.

Ezagutza: Hizkuntzaren funtzionamenduaren erregelak jasotzeko ahalmen eta prozesua.

Erabilera: Hizkuntzaren erabilera komunitateak dituen funtzio linguistiko ezberdinetan.

Prozesuaren abiapuntua, erabilera da; hizkuntzaren lorpen prozesu naturalean, erabileratik abiatuz, eraikitzen da ezaguera eta motibazioa sortzen da. Hau honela, gure programaketak, ahalik eta erabilera testuinguru zabalenak eskaintzea luke oinarri bezala. Ziurtatzen al dugu honekin hizkuntz lorpen egokia, ezaguera maila nahikoa eta motibazio jarraikorra?

Bi oztopo ditugu hau honela gerta dadin: batetik, langai dugun hizkuntzaren, euskararen, egoera diglosikoa, gizarte mailan erabilera urria eta mugatua duelarik; bestetik, gure lorpen ingurua: eskola. Eskolaren komunikazio ingurua ere mugatua gertatzen da ulermen-produkzio aukera murritzak eskaintzen dituelarik. Baldintza hauetan, haurrari eskainitako erabilera aukerak ez lirateke nahikoa bere hizkuntzaren eraiketa ziurtatzeko. Gure lanaren planteamenduan, hiru faktoreengan eragina izango duen programazioa egin beharra dugu.

Hiru faktore hauek oinarritzat harturik, honako edukin blokeak definitu ditugu, jakin badakigularik banaketa guztiz arbitrarioa dela, faktoreak konplementarioak eta elkarren menpekoak baitira.

1.1.- Erabilera

Esan bezala, erabilera da gure lanaren abiapuntu eta euskarri nagusia. Hizkuntza zenbait funtzio sozial betetzeko tresna da.

Eskola ingurutik abiatuz, eta euskararen egoera sozio-linguistikoa kontuan harturik, hizkuntzaren honako hiru erabilera mota nagusi definitu ditugu gure programaziorako:

a.- Oinarrizko pertsonarteko komunikaziorako hizkuntza. Euskararen giza mailako erabilera urria dela eta, eskolak hizkuntza mota honen lanketari ere erantzun behar dio; hizkuntza kolokiala bideratzeko errekurtsoak eskaini beharko ditugu.

b.- Hizkuntza kognitibo-akademikoa. Pentsaera eta arrazonamendu logikoa, edozein aprendizaia, hizkuntza mota honetan oinarritzen da. Hizkuntza abstraktua eta oso formala da, komunikazio arruntetan lortzen ez dena. Hizkuntza mota hau lantzea eskolaren lana da bereziki.

c.- Hizkuntza ludiko-estetikoa. Haurraren gaitasun estetikoak jorratzea da eskolaren helburuetako bat. Haurraren imajinazioa, gaitasun sortzailea, jolasgarritasuna garatuko duen hizkuntza mota azpimarratzekoa da.

1.2.- Sistematizazioa

Hizkuntza sistema bat da. Hizkuntzaren lorpenaren oinarria, edozein prozesu kognitibo bezala, errealitateak eskainitako datuak antolatu, ordenatu eta sistema agertaraztea da. Komunikazio hutsak, erabilera hutsak, aipatutako kondizioetan ez du nahiko elementu eskaintzen era naturalean sistema hau behar bezala eraikitzeko. Eskolak, hizkuntzaren zientziak, linguistikak, egindako sistemaren deskribapenean oinarriturik, haurrak egin beharreko prozesu kognitiboan, hizkuntzaren eraikuntzan, laguntzeko bideak jar ditzake:

a.- Automatizazioa. Hizkuntza baten jabe izateko, intuitiboki, erraztasun osoz maneiatu behar dira haren ahalbide formalak. Horretarako, elementu gramatikal, fonologiko, lexikal edo eta pragmatikoak erabiltzeko eta finkatzeko ariketak beharrezkoak dira.